*Herrixa Dantzan*: dantzaldi irekiak hileko azkenengo domeketan
Dantzaldi irekia, tarte bat dantzan ondo pasatzeko gogoa duen edozeinentzat. Zuretzat? bai, zuretzat noski!
Gidatutako dantzaldi irekia, Euskal Herriko eta Europako dantza tradizionalez osatutakoa. Ikasturte honetako azken saioa izango da maiatzaren 30ekoa. Oporren ostean, irailean itzuliko da Herrixa dantzan Espaloia Kafe Antzokira, ohi bezala, hileko azken igandean. Sarrera doan eta dantzan parte hartzea libre.
Halere, ekainean eta uztailean dantzarako beste bi aukera izango dira Elgetan:
- Ekainaren 12an, larunbatez, Koadrilen Eguna ospatuko da. 17:30etan, Arrabots taldearekin dantzaldi gidatua.
- Uztailaren 3an, larunbatez, gau partean dantzaldia Jainaga eta Narbaizarekin. Trikitilari bikote hau Herrixa Dantzan saioan izan genuen zuzenean martxoan, dantzarako errepertorio zabalaz.
Zer da?: Dantzaldi irekia, tarte bat dantzan ondo pasatzeko gogoa duen edozeinentzat.
Dantzak: Euskal Herriko eta Europako dantza tradizional ludikoak. Kalejiran, korruan, taldean, bikoteka... elkarrekin egiteko dantza errazak. Tarteka taldean, tarteka bikotean.
Gidatutako saioak izango dira. Parte hartzaileen mailaren arabera aukeratuko dira dantzak, eta behar denean, gidari batek gidatuko ditu.
Noiz: hilero, azken igandean
Ordua: 19.00 (20.30ak arte)
Non: Espaloia Kafe Antzokia, Elgeta
Sarrera: doan
Helburuak
- Ludikoa
- Taldean elkarrekin gozatzea: nahi duten guztiek (edo gehienek) dantzan parte hartu ahal izatea.
- Hitzordu finko bat eskaintzea, inguruko herrietako dantzazaleen eta dantzan ikasten ari direnen topagune.
- Kulturala: Euskal Herriko dantzak ezagutu eta praktikatzea; Europako dantza folklorea deskubritzea.
- Bikote dantzak sustatzea
Oharra:
- Gehienetan, grabatutako musikaz egingo dugu dantza.
- Noizean behin, zuzeneko taldea izango dugu.
- Zuzeneko musika JAINAGA ETA NARBAIZA erromeria bikoteaz.
Arduradunak
- Antolatzailea: Espaloia Kafe Antzokia
- Babeslea: Elgetako Udala
- Dantza gidaria: Patxi Montero
- Musikan eta zuzenean laguntzailea: Adolfo Jainaga
Lehenengo saioa eta ondorengoak
Espaloia Kafe Antzokiaren blogean jarri genuen lehen dantzaldiko kronika eta Patxi Monterok, dantzaldiko gidariak ere "estreinua ondo" joan zela esan zigun. Elgetatik bertatik, eta besteak beste Bergaratik, Arrasatetik, Aramaiotik, Oñatitik eta Mallabitik hurbildu dira dantzazaleak Elgetara. Horrela egiten jarraitzen dute hileko azkenengo domeketan.
Dantza errazak proposatu ditu Patxi Monterok, Euskal Herrikoak, erromeriakoak eta Europako dantza tradizionala batzuk: Kataluniako Ball Rodó, Alunelul errumaniarra, Pasodobleak, baltsak, fandango eta arin-arina, porrusalda, Bretainiako Hanter Dro, Jauziak, Ameriketako Estatu Batuetatik polka bat, borobil zirkasiarra...
Hilean behin, hileko azken igandean ospatuko da dantzaldi irekia Elgetako Espaloian. Udaldian deskantsua.