Espaloia
Hamaika kantari Gainsbourgen hitzak euskaraz kantatuz
Gainbourg Frantziarraren kantuak euskaraz entzungo dira Espaloian. Apirilaren 18an da hitzordua eta ordua, 22:30ean. Sarrerak salgai: 13 eta 10 euroan. Kantariak: Gari, Mikel Agirre (La Buena Vida), Diego Vasallo, Estanis (Natural Project), Saioa, Amaia Intxausti, Rafa Berrio, Txuma Murugarren, Urko Menaio, Enrique Mingo, Sanchís, Giorgio Bassmatti, Jone Gabarain… eta ondorengo musikari hauek ere hartu dute parte: Aitor Unanue, David Soriazu, Iñaki Huarte, Txeli, Agus, Joserra Senperena eta Javier Sun.
'GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ'
Joan den martxoaren 2an 17 urte bete ziren Serge Gainsbourgek azken hatsa eman zuenetik. Aurrekoek bezala bihotzeko hark eta balizko hurrengoek huts egin izan balute, gaur egun 80 urte bete berriko aitona izango litzateke, baina ziur egon oraindik ere zeresan handia emango lukeela eta Pete Doherty umemoko baten pare utziko lukeela gizartea aztoratzeko eta arauak transgreditzeko gaitasunari dagokionez. Batek daki, beharbada, bizirik balego, Je t'aime... mois non plus idatzi, Frantziako emakume ederrenetako batzuk maiteminduarazi eta La Marseillaise reggae-ra bihurtu zuen kantu egile polemiko, ikonoklasta eta zirikatzailea izateagatik bainoago musikarako zuen talentu itzelagatik ezagunagoa zatekeen, Jacques Brel edota George Brassens bezain onetsia. Gehienoi Serge Gainsbourgen pertsonaia geratu zaigu gogoan, baina hori baino askoz gehiago izan zen paristarra: Frantziako musika irauli zuen sortzailea, estilotik estilora jauzika ibiliz (jazz, chanson, musika afro-latinoa, pop, reggae, rock&roll, funk, disco, soinu bandak...) maiz bere garaiari aurrea hartu ziona, eta letra idazle bikaina, hitzen sonoritateari zukua ateratzen eta esaldi bakoitzari esanahi bat baino gehiago ematen maisua. Gehitu genezake pintorea, idazlea, argazkilaria, aktore eta zinema zuzendaria, askatasun sexualaren aitzindaria, belaunaldi oso baten erreferente estetikoa, erretzaile porrokatua eta edale aseezina ere izan zela Gainsbourg. Baina orain bere kantuak aldarrikatzeko garaia heldu da.
Hain artista eraginkorraren ondarea bere egitea falta zitzaion euskal kantagintzari. Hortaz konturatu zen Juankar Landa (Sanchís y Jocano), eta hutsune hori betetzeko ardura nork hartuko zain geratu beharrean bere gain hartu zuen batere makala ez zen erronka: Gainsbourgen abestiak euskarara ekartzea. Landa izan da proiektuaren alma mater-a, disko hau zure eskuetara iristearen erantzulea. Kantari sorta bat aukeratu zuen, heterogeneoa eta orain arte gurean egin diren gisa honetako proiektuekin zerikusirik ez duena: euskaldunak eta gaztelaniaz abestu ohi dutenak batu ditu, ibilbide luzekoak gehienak,
Euskal Herrian egindako pop-rockaren historikoak batzuk, eta azken belaunaldiko gazteak gainontzekoak. Gari, Diego Vasallo, Rafa Berrio (Amor a Traición, Deriva), Mikel Agirre (La Buena Vida), Santi Gasca (Sanchís y Jocanoren beste erdia), Txuma Murugarren, Giorgio Bassmatti, Enrike Mingo, Jone Gabarain (Le Mans), Saioa, Estanis Elorza (Natural Project), Urko Menaia, Luisa Etxenike eta Jorge Carrero idazleak eta Juankar Landa bera dira Gainsbourgen doinu eta hitzetan islaturiko izaera errebelde, apurtzaile eta independentean larruan sartu direnak. Donostiako musikari talde zabal bat izan dute lagun: Juan Zulaika, Aitor Unanue, Joserra Senperena, Javier Sun, Borja Iglesias... besteak beste.
Gainsbourgek 30 urtetik gorako ibilbidean idatzitako ehunka kantuetan eskua sartzen du Gainsbourg Gainbegiratuz-ek, ale esanguratsuenetako batzuk hartzeko. Hemen daude, besteak beste, Gainsbourg chansonier-a (La chanson de Prévert, La javanaise...), kabareteroa (Les cigarillos), malenkoniatsua (Je suis venu te dire que je m'en vais), sofistikatua (L'hotel particulier, Sous le soleil), reggae zalea (Aux armes et caetera, Vieille canaille), eta, nola ez, Brigitte Bardot, Jane Birkin edota Catherine Deneuverekin dueto zoragarriak osatu zituena (La decadance, Je t'aime... mois non plus, Dieu, fumeur de havanes).
Juankar Landak liburuxkan garbi azaldu du zer izan den disko hau osatzea: “Gainsbourgek berak burua altxatuko balu, bere lanari esker erre, edan eta berba egin dugun guztia ikusirik harro-harro legoke”
JUANKAR LANDAK DIO...
BIOGRAFIA
Lucien Ginsburg 1928ko apirilaren 2an jaio zen Parisen, Errusiako boltxevikeen iraultzatik ihesiz Frantziara iritsitako familia judutar batean. Hortaz, naziek Paris hartu ondoren izar horia arropan itsatsita eraman behar izan zuten milaka judutarretariko bat izan zen. Aitaren erabakiz, izena frantsestu eta Serge Gainsbourg bihurtu zen. Aita Joseph pianista zen Pigalleko night-clubetan, eta ama Olia kontserbatorioan abesten aritua zen. Etxean Bach, Stravinski, Chopin, Gershwin eta Porterren diskoak entzunez hazi zen, eta pianoa eta gitarra jotzen ikasi zuen. Haatik, pintore izan nahi baitzuen Arte Ederretako ikasketak hasi zituen, arrakasta handirik gabe. Aitak bultzatu zuen musikaren bidea hartzera, eta kasino eta kabaretetan pianoa jotzen eman zituen lehen urratsak, jazza deskubritzen zuen aldi berean. Boris Vian ezagutzea erabakigarria izan zen bere kantuak idaztea erabakitzeko, eta 1958an lehen diskoa grabatu zuen, Du chant à la une. Hura entzun ondoren, Boris Vian bera izan zen Serge Gainsbourgren talentua aupatzen lehena.
Hurrengo urteetan emakumezko abeslarientzat (Juliette Greco, Michèle Arnaud, France Gall, Françoise Hardy...) idatzitako kantuek ekarri zioten ospea gazteen artean. Horietako batekin, Poupée de cire, poupée de son, 1965eko Eurovision jaialdia irabazi zuen France Gallek. Ordurako beste hainbat disko zituen kalean: L'étonnant Serge Gainsbourg (1961), Gainsbourg confidentiel (1963) eta Gainsbourg percussions (1964), besteak beste. 1967an Brigitte Bardot aktorearekin harreman labur baina beroa partekatu zuen, eta hari eskaini zion Initials B.B. diskoa (1968). Bikoteak grabatu zuen Je t'aime mois non plus kantuaren lehen bertsioa, baina ez zen argitaratu, Bardotek berak hala eskatuta. Jane Birkin ezagutu ostean harekin berriz grabatzea erabaki zuen eta Jane Birkin-Serge Gainsbourg (1969) diskoan argitaratu zen. Kantuaren oihartzuna itzela izan zen mundu osoan, bere eduki erotikoa zela eta hainbat herrialdetan debekatua izan arren. Birkin eta Gainsbourgen arteko harreman sentimentalak hamar urte iraun zuen; tarte horretan, hainbat disko eta filmetan kolaboratu zuten, Charlotte alaba mundura ekartzeaz gain.
70eko hamarkadan, hainbat filmetarako soinu bandak sortzeaz gain, lau disko esanguratsu grabatu zituen: Histoire du Melody Nelson (1971) po(p)ema sinfonikoa, Vu de l'exterieur (1973), Rock around the bunker (1975), nazien estetika bereganaturik, antisemitatzat jo zuten, eta L'homme à tête de chou (1976). 1979an Frantzia osoa aztoratu zuen berriz ere, Jamaikan Bob Marleyren musikariekin grabaturiko La Marseillaise ereserki nazionalaren reggae bertsioarekin, Aux armes et caetera. Sakrilegio hark protestak eta mehatxuak ekarri zizkion, baina aldi berean arrakasta handia izan zen diskoa, 500.000 aletik gora salduta. Hurrengo diskoan, Mauvaises nouvelles des étoiles (1981) reggaeari heldu zion berriz ere.
80ko hamarkadan funk eta dantzarako doinu elektronikoetan murgildu zen. Love on the beat (1985) bere diskorik salduena izan zen, eta honek ere ez zion polemikari itzuri egin, Lemon incest kantuaren bideoan bere alaba Charlotterekin ohean agertu ondoren. You're under arrest (1987) izan zen Gainsbourgen estudioko azken lana.
Musikariaz gain, aktorea ere izan zen eta lau film zuzendu zituen: Je t'aime... noi non plus (1975), Équateur (1983), Charlotte for ever (1986) eta Stan the flasher (1990).
Serge Gainsbourg 1991ko martxoaren 2an hil zen, bihotzekoak jota.
