Amatiño
Irratiaren nagusitasuna 1983ko uholdeetan
Hogeita bost urte joan dira 1983ko abuztuaren 26an sekulako uholdeak izan zirenetik hona. Komunikabide guztiek nahi izan dute orduko gertakariak gogoratu baina, behar bada, inork ez du zehaz-mehatz esan egoera hartan irratia izan zela nagusi eta telebista, berriz, galtzaile.
Argia joan, telefonoak moztu eta errepideak itxiez gero ezer gutxi funtzionatzen du gure gizarte ahalguztidun honetan baina are gutxiago telebista eta, zer esanik ez gero, 1983an.
Euskal Irrati Telebistari dagokionez, haur jaio berriak ziren bata zein bestea, baina irratiak, arin eta malgu asko, nola hala informazioari eusterik lortu ahal izan zuen artean, telebista astun eta geldoak lokatzetan murgildutako elefantetzarrarenak egin zuen, noraezean geratu, ez aida eta ez ixo.
Eusko Irratiak frogatu zuen egoera txarretan arina izateak zenbat balio duen eta tokian tokiko ahots soila grabatzea eta estudioetara bidaltzea zein erraza den. Telebista-kamerak, ordea, nekez heldu ziren urak hartutako lekuetara eta are nekezago, berriz, irudiak bildu eta berriro ere Iurretara denboraz itzuli. Irratiak entzuleekiko harremanak eta zerbitzu publikoa eskaini ahal izan zuen. Telebistak nahiko zeregin izan zuen bere burua itolarritik ateratzen.
Gainera, uholdeek ere frogatu zuten oinarrizko azpiegiturak eta lojistikak zein garrantzi handia duten hondamendi zorian. Euskadi Irratiak, Bilboko Gran Vian kokatua eta Eusko Jaurlaritzaren eraikin ofizialaren baitan, uneoro izan zuen sistema autonomoak eragindako argindarra zein Barne Sailaren informazio zuzena. Euskal Telebistak, aldiz, urez inguratutako Iurretako egoitzan sartu-irten ezinik, irudi eta komunikazio urriko telebista zein petrala den erakutsi zuen.
Honek ez du esangura, ordea, gaur antzerako uholderik balitz ETBk beste hainbeste egingo lukeenik. Batetik, dilubio unibertsala beharko luke, egun ETB dagoen mailaraino urak heldu zitezen; eta, bestetik, mikrouhinei esker orain ez dago, orduan bezala, han-hemenkako grabazioak errepidez-errepide eraman beharrik. Nolabait esateko, Euskal Telebistak ere bere wifi partikularra du.

Beijing 2008: nongoak ote onenak?
Pekinen amaitu dira gaur Joko Olinpikoak eta hurrengo egunetan ez da han-hemenka balantzerik falta izango, marka, ikuskizun zein ordezkaritza bakoitzak lortu dituen dominen arabera. Besteak beste, markak ikaragarri onak igeriketan eta atletismoan; ikuskizuna, berriz, sekulakoa, inaugurazio-egunetik amaieraraino; eta dominak ba…
Pekin'2008 Michael Phelpsen eta Usain Bolten joko olinpiarrak izango dira behin betiko. Nekez ahaztuko ditugu bataren zein bestearen markak. Markak hautsi ezezik, moldeak urratu baitituzte biek. Segurutik jaioko dira berriak, bai, baina ez gero berehalakoan.

Txinarrek frogatu dute, bestalde, maisu direla ikuskizunik antolatzen. Aspaldiko kultura landua dago atzetik, teknologiarik berrienez baliatu ahal izateko ekonomia aurretik eta, bien artean, munduan beste ezein herrik jarri ezin duen altxorra: giza-uholdea. Hiru faktore hauek aldi berean elkarrekin biltzeko disziplinan datza arrakasta.

Zenbat domina, hainbat aburu
Dominen arabera, berriz, estatuen kirol-emaitzak eta euren Barne Produktu Gordina elkarren pareko edo joan dira. Izan ere, munduko hamasei estaturik aberatsenen zerrenda eta dominarik gehien lortu dituzten ordezkaritzena aurrez aurre jarriez gero, Kenia, Bielorrusia, Ukrainia eta Jamaika dira aberatsenen rankingean agertu ez arren dominen zerrendan azaltzen diren bakarrak. Eta Kanada, Brasil eta India baino ez dira, nahiz eta BPG handiaren jabe izan, dominarik gehien lortu dituztenen zerrendan sartu ez direnak.
Beste modu batez esanda, zerrenda bietan errepikatzen diren estatuak BPG araberako errenkadan jarriko bagenitu, honelatsu geratuko lirateke, aberatsenetik aberatsenera: USA, Japonia, Alemania, Txina, Britainia Handia, Frantzia, Italia, Espainia, Errusia, Hego Korea, Australia eta Herbehereak.
Eta, hamabi berberoriek dominen arabera, berriz: Txina, USA, Errusia, Britainia Handia, Alemania, Australia, Hego Korea, Japonia, Italia, Herbehereak, Frantzia eta Espainia.
Eta biztanle-kopuari dagokionez, azkenik, txikienetik txikienera: Herbehereak, Australia, Espainia, Hego Korea, Italia, Britainia Handia, Frantzia, Alemania, Japonia, Errusia, USA eta Txina.
Zenbaitek esango du zerrenda hauek ez dutela ezer adierazten. Askoz ere objektiboagoa litzatekeela errenta per capitaren araberako domina-zerrenda bakarra egitea. Behar bada bai, baina datu horrek ere hainbat ñabardura eskatuko luke zein estatutako kirolariak ote diren onenak erabakitzeko. Tokian tokiko arraza, klima eta sistema politikoaren arabera alegia.
Arrazaz, gauza jakina baita beltzak zuriak baino hobeak direna lasterketa azkarrean, zuriak hobeak diren bezalaxe igeriketan edo txirrindularitzan. Edota asiarrek lehenago irabaziko dutela gimnasian boxeoan baino.
Klimaz, Pekingo zerrenden lehen postuetan agertu ez diren zenbait estatu aberatsetako (Suedia, Noruega, Finlandia, Austria…) kirolariak nagusi izaten dira-eta Neguko Joko Olinpikoetan, Jamaikakoak nekez agertu ohi diren bezalaxe.
Eta, azkenik, egoera politikoaz, estatu bakoitzeko biztanleriaren konpetiziozko kirol-maila neurtzeko beharrezko baitira sistema demokratikoa, gutxieneko beharrizanak bete ahal izatea eta aukera-askatasuna.
Joaquín Achúcarro etxeko, Deban
Debarrek esker onez hartu dute gaur Joaquín Achúcarro, ez baita alferrik gure bilbotarra bizpahiru belaunaldiren pianojolerik ezagunena. Ia mende erdi bai Achúcarrok nazioarteko lehiaketa irabazi zuela Liverpoolen eta geroztik jaso beharreko sari eta ohore guztiak jaso ditu urtez urte, 2005 urtean Euskaldun Unibertsaltzat izendatua izan arte. Eibarren 1965ean edo jo zuen estreinako, Arrate Kultura Elkartearen aretoan. Orain ez da halakorik.
Maisuak bazekien nonbait Debako klaustroan abuztuko ostegunetan bildu ohi den jende-motaren berri eta aldez aurretik programa laburtu du, ondoren hainbat “propina” eskaintzeko denborarik izateko. Era berean programa ofizialean Chopin eta Debussyren errepertoriorik ezagunena aukeratu ez duen arren, gero propinetan espektakuloa eskaintzen saiatu da nabarmen. Besteak beste, aipagarri ezker esku hutsez jo duen Scriabinen Nocturnoa. Jendea guztura, urbitsetan, etengabe txalotzen eta artista, berriz, pozarren ezin bestean.
Hala ere, zenbaitek besterik itxaro arren, Achúcarrok ez du gaurkoan euskal doinurik jotzen amaitu. Juanjo Araolazari sinetsiko badiogu, Bilboko maisuak urtetan amaitu izan ditu bere nazioarteko kontzertu guztiak edo gehienak –Dallastik Pekina-- Aita Donostiaren Oinazez konposizio ezagunaz. Nonbait gaur ez du ez oinazerik ez bere bururik etxetik kanpo sumatu.
Zer gerta ere, pozgarri izan behar du gero 76 urtekin lanean jarraitu ahal izateak --arin, biziki eta buruz, batere partiturarik gabe--, norberari gehien gustatzen zaiona egiten eta jendearen harrera ezin hobeaz, gainera. Zorionak.

Gure Nere
Auskalo zenbat egun irauten duten Debako jaietan gorri-zuria nagusi izaten den arren, Arrantzale Egunak zuri-urdina eskatu ohi du.
Nere Aranberri Furones gureak hamar hilabete bete zituen Debako Arrantzale Egunean eta, ezin bestean, bere ama debarrak arrantzale edo jantzi zuen, tokian tokiko tradizioak holaxe eskatzen baitu. Aittitta ere ahalegintxoak eginda, nahiz eta debar petoa ez izan.
Horra ba aittitta, adurra dariola, lore artean. Atzekaldean, urteak joan eta urteak etorri gero eta mardulagoa den buganbilla. Eta aurrez aurrez, berriz, gure Nere poxpolina, hamar hilabete ederren jabe.
Ezin esan gero Aranberrinekoa ez denik. Tira, nik uste.
Dominique Vissé, artista
Zilegi al da kontzertuan aspertzea? Seguru gero baietz. Beste kontu bat da, ordea, agiri-agirian aitortu beharrik ba ote dagoen ala ez. Dena den, ni neu aspertu egin nintzen aurreko igande arratsaldean, Chillida-Lekun, Donostiako Musika Hamabostaldian barrena Ensemble Clément Janequin taldeak eskaini zuen emanaldiaren zenbait momentutan. Hala ere, nekez ukatuko taldeak duen nazioarteko ospea eta Dominique Vissé zuzendariaren apartekotasuna.
Dominique Vissé kantatzeko jaiotako mutila da batere zalantzarik gabe. Estilo guztietako hainbat abeslariri ez bezala, paristar honi kantatzen diharduela garbi asko nabaritzen zaio disfrutatzen ari dela; urbitsetan kantatzen duela; berari gehien gustatzen zaiona egiten duela; bera, besterik gabe ere, espektakulo hutsa dela. Horretara, chapeau beraz. Beste gauza bat da, berriz, ordu t´erdiko jarrialdia ez ote den gehiegitxo –nahiz eta Zabalaga baserriaren zutabe ederren artean izan-- XV. eta XVI. mendeetako Errenazimenduko polifonia frantsesaren brankari aurre egiteko.
Ensemble Clément Janequin taldeak merezi beharreko sari, ospe eta kritika on guztiak bereganatu ditu musika barrokoaren baitan 1978an sortu zenetik hona, sekulako arrakasta du Frantzian ezezik merkatu anglosaxoian zein japoniarrean ere, eta bere diskografiak ez du ia-ia amaierarik. Dominique Vissé talde-sortzaile, zuzendari eta kontratenorea, berriz, munduko artista lirikorik handienetakoa. Hortik aurrera, gainontzeko guztiak huskeriak besterik ez dira edo dirateke.
Nere aldetik, Visséren beraren “artistatasunaz” aparte, hiru zertzelada azpimarratu nahi ditut hemen. Batetik, Eric Bellock laud eta gitarrajolearen maisutasuna; besteak beste, berak jaso zuen txalorik gehien. Nonbait bertan bildu ziren ehun inguru laguni hurbilago edo ulergarriago gertatu zitzaion beronen musika hutsaren soinua, gainerako boston kantagintza landuarena baino.
Bestetik, orain dela bostehun urteko kanten letrak. Nabarmen gero, ipurdiek, titiek, bularrek, ohe-kontuek, sasi-maitaleek eta adardunek ordu asko betetzen zutela garai hartako frantsesen artean. Le chant des oyseaux kasu, hainbeste uso, usapal, urretxindor, zozo, okil eta oskilasoren artean, atzenean kuku lapurra nagusi.
Amaitzeko, ez dakit zergatik baina, hainbeste doinu barroko antzerakoren artean, neri ezberdinen egin zitzaizkidan kantak ez ziren frantses-frantsesak izan, okzitanieraz (?) kantatutakoak baino: Laute joun jou m´en anabi, de Tholosze à Montréjau, recontre Guiüo Gillette, a la porte d´un cazau… Afalostean lagunartean kantatzeko modukoa.
Hamabost egun barruko programak itxura ona du. Ez gero azken ordurarte sarrerarik hartzeke geratu, beti daude-eta ehun lagun arraro errepertoriorik arraroenari ere jaramon egiteko prest.
Dominique Vissé eta Ensemble Clément Janequin taldea

Algorritik Algorrira: C’est magnifique!
Geroko gerotan uzteke, gaur goizean bertan egin dut Zumaiatik Sakonetarantzako ibilaldia itsasbazterrean barrena. Algorri hondartzan bertan flyscha hartu eta itsaslabarpean, harririk harri, haitzez haitz, Elorriaga pareraino. Itsasbehera 11:30etan zen eta eguraldia, berriz, aparta. Algorri gainetik Lekeitiorainoko ikuspegia mundiala gero.
Orain hurrengo Euskal Herriko ingururik ederrenetakoa zein ote edo, nolabaiteko lehiaketa eratu berri da Euskal Telebistan. Ez dut nik irabazlearen meriturik ukatuko baina, zer gerta ere, ez dut benetan uste Pikote baserriko behiek egunero ikusten dutena baino ederragoa izan zitekeenik. Ez behintzat bakanagoa.
Deban edo Zumaian autoa non utzi ez dagoen artean, Algorritik Elorriagara bitartean dozena erdi bat lagun besterik ez dut ikusi, ordubeteko ibialdian zehar. Hala ere, olagarroek nahi baino gehiago segurutik. Bat bera ere ikusi ez dudan arren, izkirak, karramarro iledunak, eskarrak (?), eta denetariko marraskiloak ugari. Itsasflora ere, mardul asko. Botak ezik goitik behera biluztu ostean algatan bainatu naiz, metro t´erdiko harri-geruza bertikalen artean. Irigoienen kamara falta, nonbait, aittitta potro-jorran harrapatzeko.
Normalean errekak itsasoaren beraren mailan itsasoratu ohi diren arren, inguru honetan badira bizpahiru salbuespen nabarmen. Olatuek hainbat mila urte lehenago jan dute itsaslabarra, menditik behera datozen errekatxoek ubidea sakondu baino eta, ondorioz, ur-jauzi txikiak sortzen dira han-hemenka hondartza gainean.
Buelta, berriz, maldan gora Elorriagatik zehar. Aldapa dezentea, baina merezi du. Itsaslabarraren gainetik azaltzen den panoramak ez du preziorik. Edozein modutan, hau guztiau ezagun samarragoa da, bertatik bertara pasatzen baita itsasaldeko Santiago bidea. Sei erromesekin egin dut topo. Katalanak bi, oinez, agur. Beste bi bizikleta gainean, bata Portugaleko ikurrin eta guzti, muito obrigado. Bosgarrena frantsesa, c’est magnifique! Eta seigarrena, berriz, azpeitiarra, zu telebistakoa, ezta?
Algorritik Algorrira --Ardantza baserritik Ardantza baserrira hobeto esan--, patxadaz, bainu eta guzti, hiru ordu.
Sakoneta
Etenbako flyscha
Algorri
Urte biko haurraren hiztegia
Ekonomiak eta erraztasunak dezente baldintzatzen omen dute hizkuntzaren erabilpena. Seguru egia dena. Nere bilobarik zaharrenari entzun besterik ez dago. Oraindik 23 hilabete baino ez ditu eta harrigarri gero zein hitz urriz konpontzen den nahi duena adierazteko eta zein ondo dakien erraztasunaren araberako hitz-aukera egiten.
Erarik errazena asmatu behar hori arlo bitan nabarmentzen da batez ere. Batetik, a- hizkiaren aldeko postura nabarmena eta, bestetik, elebitasunaren bidegurutzean beti ere hitzik errazenaren aukera. Errazago nonbait “Ako” edo “apopo”, “Urko” eta hipototamo” baino; “aua”, “ura” baino eta “no”, “ez” baino.
Hona besteak beste, munduan barrena konpontzeko oraingoz erabiltzen dituen laurogei inguru hitzak:
Aditzak
Hartu. Apurtu. Api (jaiki). Aupa (jaso). Etori (etorri). Kantzi (jantzi). Kendu. Ñan (jan). Sato (salto egin). Txalo (txalotu).
Jan-edanak
Aua (ura). Araiña (arraina). Koko (txokolatea). Ogia. Txitxia (okela). Buur (yogurra). Tita (galleta).
Senideak
Aita/aitato. Ama. Aittitta. Amama.
Lagunak
Abie (Xabier). Ako (Urko). Ate (Ander). Ane. Ana. Bon (Ibon). Burre (Idurre). Iane (tia Ane). On (Jon). Malen. Mami (Mikeldi). Nai (Unai). Nene (Irene).
Animaliak
Apopo (hipopotamoa). Ata (artza). Araiña (arraina). Buaubuau (txakurra). Mia (katua). Pipi (txoria). Koko (kokodriloa).
Hainbat
Aboia (abioia). Amoia (kamioia). Argia. Haria (harea). Harria. Gol (baloia). Kaka. Makiña (Debabarrenaren kale-garbigailua). Mamaua (mantekadoa). Miñ. Txii (txiza). Tata (zapata). Tete (txupetea).
Esaldiak
Abe (a ver). Agur. Aki (hemen). Alli (han). Apapa (kanpoan/kanpora). Hamen (hemen)
Han. Hau. Bai. Bat (bi, hiru, lau, bos, sei, zapi, koki eta… hamar). Bapo (amaitu da). Ni. No (ez). Ako (asko). Kasko (eskerrik asko).
Kopinak
Api (Epi). Kaillu (Caillou). Kity. Pi (Pirritx). Po (Porrotx). Pipo (Pintxo). Maia (erlea). Mini (Mickey Mouse).
Malen, Debako San Roke egunean
Ehun milioi urte begi bistan
Merezi du. Bai, merezi du bai Zumaiatik Debara bitartean udaran eratu ohi den itsas-bidaia egiteak; hau da, harako flysch inguru ezaguna itsasaldetik behingoz ikusteak: 75 minutu (joan-etorria), 13 eurotan. Eguraldia eta olatu-maila Turismo bulegoak erabakitzen ez dituen arren, gaurkoan bata zein bestea ezin hobeak. Merezi izan du.
Nahiz eta jakinekoa izan, nolabaiteko zirrara eragiten du gidariari entzuteak orain dela ehundaka milioi urte Europa eta “Iberia”ren artean itsasoa besterik ez zela, Mediterraniotik Atlantikora bitarteko itsas-adarra alegia, eta itsasbazterra, berriz, Errioxan edo. Nonbait ez da erabat egia “betidanik” hemen izan garenik.
Hain zuzen ere, zorioneko flyscha geruza gogorren (kareharriak eta hareharriak) eta bigunen (tuparri eta haitz buztintsuak) arteko etenbako sekuentziek osatzen dute, iberiar plataformak europar kontinentearekin topo egin aurretik bertikal asko zutitu zirenak. Goi kretazikoaren aztarrenak begi bistan, ehun milioi urte bai zahar.
Inguru atsegina benetan, itsasoak behera egiten duenean agerian azaltzen diren itsaslabar zabalak. Leku aproposa izkiak, karramarroak eta karrakelak hartzeko. Baita piraguan* hurbildu eta biluzik, larrugorritan, paseatu eta alga arteko bainua hartzeko ere. Eguzki galdatan ez dago Karibe hoberik eta sirimiriak edota ganduak jotzen dutenean, ostera, Eskoziako highlandak ematen du.
Gomendagarria ere, trenbide zaharretik, Mendata, Aitzuri, Sakoneta, Elorriaga, Pikote, Andika berri eta Algorri edo Arritokieta gainetik oinez zein mendi-bizikletaz jorratu daitezkeen hamaika joan-etorri, PR GI-45 delakoa tarteko.
Goialdeko bidezidorretik ezezik, behin egina nago Sakonetatik Debarainoko ibilaldia ere, itsasbazterrean zehar, haitzez haitz. Hurrengoan, berriz, Sakonetatik San Telmopeko Algorrira egin beharko dut, gaur bertan potinetik ikusi ahal izan dudanez, harlanduzko hondartza luzekina baitago Zumairaino bertaraino. Samurra ematen du.
* Deba-Zumaia joan-etorria kanoaz 1984an egin nuen. Lau ordu behar izan nituen.
Aitzuri eta Sakoneta

Turistentzako zortzikoa
Sarasatek sarri asko errepikatzen omen zuen, Iruñeko ikasleen artean, zortzikoak 5/8 konpasa behar zuela nahi ta nahiez. Behin, ordea, Parisen bere 'Capricho vasco' interpretatu ostean, bertara inguratutako ikasle iruñarrak zera bota zion: “Ez dut ezer ulertzen, zortzikoa 5/8 dela erakutsi diguzu eta zuk, berriz, 3/4ko konpasaz jo duzu”. Eta maisuak lasai asko, batere ikaratzeke, erantzun: “Arrazoi duzu, baina nik ez dut gaur euskaldunentzat jo, Parisko turistentzat baizik”.
Anekdota hau Ara Malikian biolinjoleak kontatu zigun aurrekoan, Debako elizaren klaustroan eman zuen kontzertuan zehar. Benetan kontzertu paregabea Libanon jaiotako armeniarrak Pablo Sarasateren omenez (1844-1908) eskainitakoa. Beste horrenbeste egin zuen zenbait egun lehenago Donostiako Musika Hambostaldian baina, Kursaalean isil-isilik biolina jo besterik egin ez zuen artean, Deban barra-barra hitzegin zuen, gaztelania joriz eta naroz hitzegin ere.
Artista da gero gure armeniarra. Musikari aparta ezezik, baita kontu-kontari aritzeko aproposenetakoa ere, Sarasate zenaren ildo beretik hain zuzen ere. Nafarrari hainbat kritikok leporatu izan zion hobea zela zirkotan musikagintzan baino. Hala ere, iruñarrak ez omen zien jaramon handirik egiten eta, gainera, berak konposatu eta utzitako errepertoria lekuko, begi bistakoa gero biolinjole bizkorra behar izan zuela izan.
Ez dira geroztik alferrik ehun urte joan. Segurutik Ara Malikian Pablo Sarasate baino dezente showman berritsuagoa da baina, egungo era eta moldeen arabera, nekez leporatuko dio inork gaitasunik eta ganorarik eza.
Gaur egungo biolinjolerik onenetakoa izateaz gainera, Ara Malikian alaia da, gozoa eta entretenigarria, gizon ona ematen du, haurren artean jotzea gustatzen zaio eta lekuan lekuko baloreak bertatik bertara ezagutu nahi izaten dituen kosmopolita dugu.
Jesus Mari Arrizabalaga Debako alkateak programa-hitzaurrean politto idatzi bezala: Orain, itxi begiak, eta ikusi egingo duzu; entzun, eta aditu egingo duzu; maitatu, eta amets egingo duzu...
Lorenzo Zabalaren euskal aztarrena
Armeria Eskola sortu (1912) zeneko berrogeita hamar urtebetetzea zela-eta, 32 agintari, irakasle eta idazleren iritzi-artikuluak; 120 inguru agiri eta argazki; eta 134 erakunde eta enpresaren iragarkiak bildu zituen, 1962an, Ikasle-ohien Elkarteak argitara emandako liburuak. Den-denak erdaraz, bat izan ezik. Nor ote frankismoaren basamortu hartan euskaraz idazten ausartu zen bakarra? Lorenzo Zabala, Motobic ziklomotore-enpresaren sortzaile eta ugazaba.
Zail da gero 1962an nagusi zen giroaz orain jabetzea. Baina, hartaz ezer gutxi dakien irakurlea konturatu dadin, demagun eskuartean hartzen dugula argitalpen ofizial bat non, besteak beste, Gipuzkoako Gobernari Zibilak eta “Delegado Nacional de Prensa, Propaganda y Radio del Movimiento” delakoak aurkezpena egiten duten; Juan San Martinek, Jenaro Garatek, Pedro Zelaiak edo Carlos Santamariak gaztelania hutsean idatzi eta, esaterako, Elgetako Udalaren iragarkia ere erdaraz izateaz gainera, bertako alkateak Elgeta Espainian dagoela azpimarratu beharra sumatzen duen. Ba, giro horretan, izan zen gizona, enpresa-burua, inork eskatu gabe, ezeren truke eta ohiko interesen kontra, euskaraz idatzi eta izen-abizenez sinatzea erabaki zuena:
MOTOBIC. Fábrica de motores, ciclomotores y motocicletas
Nere esker zintzoakin ainbeste zor dioten ikastolari biotzez.
L Zabala
Esan bezala, 134 erakunde eta enpresa izan ziren beste hainbat iragarkiren ordainaz Armeria Eskolaren argitalpena finantziatu zutenak. Batetik, Gipuzkoako Diputazioa, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala eta Donostiako Munizipala; bestetik, Azpeitia, Berriz-Olacueta, Deva, Durango, Eibar, Elgoibar, Elgueta (España), Ermua, Elorrio, Mallavia, Marquina, Motrico, Placencia de las Armas eta Zaldivar-ko udalak. Baita Eibar eta inguruko ehundaka enpresa ere.
Ez dira gero iragarki soilak, enpresaren izena eta produktua zehazteaz gainera, gehien-gehienetan ugazaba, enpresa-buru edo zuzendari nagusien zorion-agurrak agertzen baitira, eskuz idatziak, bakoitzaren sinadura eta guzti. Beraz, horra non, ustekabean, orduko hainbat enpresa-buru ezagunen sinadura-katalogoa. Nik neuk, adibidez, estreinako ikusi ahal izan dut aittitta Ciriaco Mendizabal “Amatiño”ren sinadura.
Den-denak erdaraz, jakina, bat bakarra ezik. Eta ez euskaltzale ez zirelako, garai hartan nekez otu zekiokeelako baino inori euskaraz idaztea. Izenak ikusita, esango nuke esan orduko enpresa-buruen hamarretik bederatzi t´erdi euskaldun peto-petoak zirela, baina gauza bat zen euskaraz jakitea, beste bat euskaraz idazten asmatzea eta, beste bat, dezente zailago, nahiz eta asmatu erabaki hori hartzea. Eta Lorenzo Zabalak erabaki hori hartu zuen, noiz eta 1962an.
Enpresa-mundua ez da inondik ere aurrelariena izan euskalgintzan eta, orain ere, enpresa-iragarkietan normal samarragoa da testu elebidunak aurkitzea euskara hutsean soil-soilik baino. Baina, zer gerta ere, Lorenzo Zabalak bere euskaltzaletasunaren zantzua utzi zuen, kontrakorik adieraztea askoz ere errazagoa eta erosoagoa zen garaian.
Zorionak, Lorenzo.


