VIII. Nazioarteko Magia Mostra aurkeztu dugu

Maiatzaren 4tik 6ra, momentuko magorik entzutetsuenek erakustaldia egingo dugu Espaloia antzokian Koldo Mitxelena aretoko aurkezpenean esandako moduan.  Aurten lehen aldiz, magia kalera aterako dute zapatu arratsaldean ere. Gipuzkoan, erreferente bilakatu da dagoeneko Elgetako Magia Mostra. Aurten, zortzigarrenez antolatu dute maiatzeko lehen astebukaerarako. Mila eta ehun biztanleko herri batek, beste hainbeste ikusle erakartzen dituela azpimarratu gura izan dute Magia Mostrako antolatzaileek: ” Erantzuna benetan oso oso ona da; mila laguneko herria da eta beste hainbeste ekartzen ditu magia jaialdiak gurera”. “Munduko mago onenak izan dira  jaialdian; kalitatea zaindu gura izan dugu beti, eta aurten ere lehenengo lerroko magoak eta ikuskizunak ekarriko ditugu”, gaineratu nahi izan digute.

Patxi Basauri Elgetako turismo zinegotziak, Udala eta herriko kultura taldea batera lanean aritzea azpimarratu du: “lortu dugu, magia gure bailarara ekarri dugu eta fruitua eman du herrian 250 bazkide dituen elkarte baten eta udalaren arteko elkarlanaren ondorioz. Horren eredua da zortzigarrenez egingo den magia mostra hau. Gipuzkoa osoa dago gonbidatuta; nahiz eta Bizkaia, Araba eta Santanderretik ere etortzen den jendea”. Hala hortxe Basaurik egindako gonbidapena: “Etortzen bazarete errepikatuko duzue. Aho zabalik eta gustura utziko zaituzte magoek Elgetan; etorri gurekin asteburu magiko bizitzera!
Mago onenak
Espaloia Antzokiak antolatuta, goi-mailako magoak eta magia ikuskizunak izango ditugu aurtengoan ere. Jose Angel Suarez antolatzaileak zer ikusiko dugu aurreratu digu: “Zortzi urteren ostean, aurtengo kartela maila oso handikoa da. Aniztasun handiko egitaraua da, diziplina asko batzea lortu dugu”. Areto barruko ikuskizunetan ariko dira MagoMigue (Granada), P-Cubique (Frantzia), Enric Magoo (Katalunia), Charlie Mag (Katalunia), eta Silvana magoa (Argentina). Ondoren, domeka arratsaldean, Silvanak magia kalera aterako du Brandon magoaren laguntzarekin.
Eta, kaleko magia ikuskizunei dagokienez, berriz, aurten egun bat gehiago izango dugu; domeka eguerdian ez ezik zapatu arratsaldean ere Elgetako kaleetan barrena ariko dira-eta magoak denen gozamenerako.
Gau magikoa ostiralean
Lehena magia demostrazioa egiten barikuan, munduko magia saria duen magoa: MagoMigue “AluCine” ikuskizun berriarekin. MagoMiguek asko bidaiatzen du eta herrialde askotan egondakoa da. Oso ikuskizun zaila, konplexutasun handikoa dakar; eszenatoki asko dituen espektakulu duina da. Georges Melies handiari Miguek egiten dion omenaldia da. Lumieres anaiak zientzialariak ziren eta zinema asmatu zuten; Georges Melies, ordea, magoa zen, eta zinemarekin lilura eta harridura eragin zituen.Zinema lehen aldiz ikusi zuten XIX. mende bukaerako gizon-emakume haien tokian ipiniko gaitu munduko magia saria jaso duen ikuskizun honek. MagoMigue munduko kartomagia txapelduna da eta hirugarren aldiz izango dugu Elgetan. Publikoaren Saria jaso zuen 2006an Magia Mostran. Ikuslea aho bete hortz uztera etorriko da duda gabe.

Gau magikoa: magia gala zapatuan

Zapatu gaueko magia gala,  Miguek berak gidatuko du. Parenthese Cubique frantziarraren magia modernoaz eta ospetsuaz gozatuko dugu lehenengo. Ilusio handiak gustuko dituenendako lana ekarriko digu-eta: Cubic Act. Ondoren etorriko da Enric Magooren ikuskizun umoretsua. Nazioarteko sariak lortu ditu eta atzerrian ezagutzera eman duen ikuskizuna ekarriko du Elgetara: Frankie J.B. Duda gabe, mago emankorrena da. Urte asko daramatza ikuskizun berbera egiten eta oraindik ez du gaurkotasunik  galdu; ikuslea oraindik ere txundituta geratzen da. Domekan, kalera irtengo da, Carro de ilusiones izeneko emanaldiarekin.
Antzerki obra txikia eta umoretsua dugu Frankie J.B; beti ere magia trikimailuak ardatz dituela. Frankestein munstroaren alderdi komikoa ezagutuko dugu. Mandrakes d’Or saria jaso duen antzerki ikuskizuna da.
Eta nola ez, magia tradizionalaren maisua, Charlie Mag, izango dugu bere usoekin. 20 urteko gaztea da eta sekulako ibilbidea dauka dagoeneko. Numero klasikoaren barruan, magia egiteko erabiltzen dituen elementuak klasikoak dira, magia hitza esan eta burura etortzen zaizkigunak. Hala, usoak desagertzen dituen saioa ikusteko aukera izango da berarekin. Mugimendu biziko ikuskizuna da eta musikaren erritmora magoak usoak agertu eta desagerraraziko ditu leku harrigarrietan. Indar bisual handiko ikuskizuna; nazioarteko zazpi sari eskuratu ditu, tartean Lehen saria mundu mailako mago gazteen txapelketan.
Eta emakumezko bat tartean: Silvana. Jostun baten istorioa kontatzen du eta oihartzun handia izan du nazioartean benetan originala delako ikuskizuna. Magia trikimailuak antzerkia eta musika oinarri dituen ikuskizuna da Silvana argentinarrarena. Originaltasunaren saria jaso zuen iazko Blackpool-eko, Erresuma Batuko magia jaialdi entzutetsuan.
Magia kalean

Kalean, herritarren aurrean magia erakustaldia doan egitea, klasiko bilakatu da. Aurten ordea, bigarren ikuskizun bat egingo dute. Hala, domeka eguerdian ez ezik, zapatu arratsaldean ere familia osoarendako ikuskizuna eskainiko du Cuesta Gasteizko magoak, 18:00etan. Domekan, Silvana eta Brandok, Circus kaleratuko dute; Lehen saria jaso berri duena Alemaniako Street Magic Festival jaialdian. “Helburua, magia ikuskizuna bultzatzea da. Magia kalean doan bi egunez, herritarren eskura eta herritarrei gerturatzeko asmoz”, azpimarratu gura izan dute antolakuntzako kideek.

Egitaraua

Maiatzak 4, barikua
22:30 Magia saioa; 15 euro.

  •  MagoMigue. ‘AluCine’ ikuskizun berria.

Maiatzak 5, zapatua
22:30 Magia gala; 18 euro.

  •  P-Cubique: ‘Cubic Act’, ilusio handiak ikuskizuna
  •  Enric Magoo: ‘Frankie J.B.’, magia komikoa.
  •  Charlie Mag: Gala ikuskizuna, magia usoekin.
  •  Silvana: Antzerki magia

18:00etan kalean, doan

Maiatzak 6, domeka
13:00 Magia kalean; doan.

  •  Brando eta Silvana: ‘Circus’ iksukizuna.
  •  Enric Magoo.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, Espaloian bertan. Erreserbak 943789085 telefonoan.

Testua: Maider Arregi (goiena.net)

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>