- Eguna: otsailak 19, ostirala
- Ordua: 22:30ean.
- Sarrerak salgai daude dagoeneko 15 eta 12 euroan.
Xabinaitorrek komikiko orrialdeetan
marraztuta berezitasunik badu, zer esanik ez hezur eta haragizko
pertsona baten azalean jarriz gero. Gorringo taldea, Anjel Alkain eta
Mikel Pagadizabal protagonistatzat hartuta, Patxi Gallegok sortutako
pertsonaia antzerkira eramaten ausartu da. Anartz Zuazuaren
zuzendaritzapean, hilaren 19an izango dira Espaloiko taula gainean, Euskal Herriko
super heroi sexualenari eskainitako antzezlananean.
Sexuaren inguruko estereotipoak milaka dira munduan; eta Euskal
Herrian, beti bat gehiago. Hemen ez dela ligatzen esan ohi da, eta
sexuaz hitz egiteko askatasuna estu eta larri ibili izan da (eta
badabil gaur egun ere) espazio libre bat bilatze lanetan. «Nesketan
egiteko» (Azpeitiko bi lankidek esaten duten moduan) girorik onena
parrandan sortzen dena dela esan ohi da. Alkoholaren deabrukeriari
jarraiki, gai librean aritzeko aukera baliatzen du normalean isilik,
lotsatuta eta hitz jario laburra izaten duenak. Larrualdi baterako (edo
larrialdi baterako, nondik begiratzen zaion ikusi behar) aproposa izan
daitekeena parez pare izaten den unean, egiten den lehenengo gauza
begietara begiratzea izaten dela dio maitasunaren eskuliburuak. Baina
zertarako begietara begiratu lurrinen jarioa gidari izateko aukera
dagoenean? Erantzuna, Xabinaitorrek dauka.
Patxi Gallego marrazkilariak (1973, Errenteria) sortutako
pertsonaiaren izaera eta nortasuna aintzakotzat hartu ditu Gorringo
antzerki taldeak super heroia komikietako paperetik atera eta
agertokiaren gainean jartzeko. Anjel Alkain eta Mikel Pagadizabal,
Pagadi, protagonista dituen antzezlana Xabinaitorren «trastornoan»
oinarritzen da. «Xabi Lizuniaga, Xabinaitor, (Pagadik antzeztua) dagoen
egoerara nola iritsi den kontatzen du, komikietako lehenengo aleak
egiten duen bezala -azaldu zuen Alkainek-. Xabik arazoak ditu bere
inguruarekin; neskak direla, politika dela, futbola… Arazo horiek
konpontzeko, hainbat lekutara joaten da, eta bitartean Euskal Herriko
poxpolinak salbatzen aritzen da. Haiek usainduz badaki euskaldunak
diren ala ez, kristoren boterea daukala konturatzen da». Pagadiren
begietan, «sexuarekin eta harreman sozialekin trauma bat duen
pertsonaia da, eta hortik sortzen da super heroia. Hala ere, pixka bat
anti heroia ere badela uste dut; gauzak batzuetan ondo ateratzen
zaizkio, baina hurrengoa agian gaizki egiten du eta zuzentzen saiatzen
da… Dakidan bakarra da poxpolinak usaintzen artista dela, batez ere
euskaldunak direnak, beren usain bereziagatik», esan zuen.
Alkain, bada, ertzainaren azalean sartu da, super heroiaren atzetik
doan poliziaren barrenean. Berarekin batera, laguntzaile bat badu, lan
komikoekin bat, fundamentua aspaldian galdutako dohaina duen kamarada.
Euskal poxpolina, azkenik, Ainere Tolosaren esku geratu da.
Obrak dituen «ironia puntuak eta kritika sozial apurra» dira
Gorringo taldeari erakargarri egin zitzaizkion elementuak, baita euskal
aurreiritzien inguruan hitz egitea ere. «Kutsidazu bidea, Ixabel» egin
zutenetik, telebistan buru-belarri lanean aritu dira eta dabiltza,
baina beste norabide batera begira jarri ditu lan horrek. «Euskaraz
sexuaz eta gizarteaz estilo horretan hitz egiten duen lanik ez dagoela
uste dut -gaineratu zuen Alkainek-. Istorio urbano bat da, eta horrek
bultzatu ninduen proiektu honetan sartzera, beti besteetan jotzen
dugulako istorio ruraletara. Nolanahi ere, linguistikoki ez da urbanoa,
finean bakoitzak bere etxeko hizkuntza erabiltzen du».
Gorringo taldeak urte asko darama taula gainean lanean, eta
abantaila ugari aurkitzen dizkio aktoreak egoera horri. «Gustuko dudan
jendearekin lan egin nahi dut; hobeak edo txarragoak izango dira, baina
konfliktiboa ez den jendearekin lan egin nahi dut eta soluzioak ematen
dituen jendearekin. Uste dut oso ongi funtzionatzen dugula elkarrekin;
ondo ezagutzen dugu elkar, badakigu bakoitzak zer dakien egiten,
zuzendariak ere ezagutzen gaitu eta niretzat horrek erraztu egiten du
guztia. Egia da `Kutsidazu bidea, Ixabel’ egin genuenetik hiruzpalau
urte daramatzagula telebistan buru-belarri eta aldaketa egon dela
batetik bestera, baina antzerkian badago gauza guztietako nahasketa».
Taldearen asmoa jendeak barre egitea bada ere,
euskaraz bakarrik lan eginda, herri txikienetara iristea ere badela
esan zuen Alkainek eta ahalik eta toki gehienetan egoten saiatuko
direla gaineratu zuen. Oraingoan gurean, Espaloia Kafe Antzokian.
Iturria: Gara. Arianne Kamiori hartua.
