BILL LYERLY BAND + TRAVELLIN´BROTHERS

 

 

Bill Lyerly

Lyerly AEBetako Ipar Carolinan sortu zen eta oso txikitatik musika izan  zen bere zaletasun nagusiena. Hala, 11 urterekin musika jotzen hasi eta laster batean taldeetan jotzen aritu zen buru-belarri; 1975ean Supergrit Cowboy Band sortu zuen beste hainbat musikarirekin. Talde honek hainbat adituen aldetik oso kritika onak izan zituen: hain zuzen ere, AEBetako hegoaldeko “honky tonker” onenatzat hartu zuten.

Hala ere, Lyerly hasieratik nabarmendu zen country zaleendako rockeroegia zelako; eta aldiz, rockeroen ustetan countrya soberan zegoela. Kritika horien aurrean pozik agertu zen beti, eta hori oso positibotzat hartu zuen Lyerlyk.

80ko hamarkadan, berriz, Bill Lyerly Band osatu zuen Charlie Collins, Ron Stenquist eta Precio Philekin batera. Hasieran “country progresiboa”-ri ekin zioten arren, gerora emaitzari bluesa eta rock-and-rolla gehitu zizkioten. Are gehiago, Nashvilleko RCA diskoetxearekin hitzarmena egin eta bere taldeko diskoak kaleratzeari ekin zion Lyerlyk.

Askok zioten gehiegi arriskatzen zuela, baina berak bere ibilbideari irmo jarraitu zion eta denborak bere burugogorkeriari arrazoia eman zion. Bere kantuak AEBetako musika kulturan sustraituta daude, nahiz eta countrya, bluesa eta rock-and-rolla batu, iturri askotatik edan eta ukitu oso pertsonala eman. Sasoi hartakoak dira “Prodigal son”, “Higher ground”, “From the old school”, “Railroad station blues”, “Cobalt blues”, “Motel room blues”, “Requiem mess” eta “The Twang years”, besteak beste. Lan horietan antzeman daiteke hegoaldeko usaina daukan rock-and-rolla, bluesaren alde pisutsuena, Ipar Carolinako blues-rocka eta, zergatik ez, Cream taldearen sasoiko Eric Claptonen gitarra ukitua ere.

“Railroad station blues” lanarekin batera, zortea alde etorri zitzaion eta hortik aurrera bere lanak AEB osoan zabaltzen hasi ziren. Era berean, 1999 eta 2001 urteen bitartean Lyerly bost Cammyetarako hautatu zuten (AEBetako mendebalde kostako R&B taldeen arteko sari garrantzitsuak). Horrez gain, 2001. urtean, “Artista Berri Onena” aukeratu zuten.

Amerikarrak hiru hamarkada luze daramazki Countrya, Rocka eta Bluesa
lantzen Ameriketan zein Europan eta  John Lee Hooker, Allman Brothers,
Bo Diddley edo Steve Earle moduko izen handiekin partekatu izan ditu
eszenatokiak  Iaz heldu zen gure artera bere azken diskoa Too Hurt To Cry besapean zekarrela eta azken garaian musikari euskaldunekin osatu du taldea.

 

Travellin´Brothers

Talde bizkaitarrak duela bost urte erabaki zuen bluesaren bideak modu sendoan jorratzea. Red, Hot & blue da
argitaratzen duten hirugarren diskoa eta bertan bluesa ez ezik, swing,
funk eta soul dosiak ere entzun ahal dira. Hasierako boskoteari haize
sekzioa gehitu zaio.

Bidaiaren kontzeptua arras garrantzitsua da Travellin Brothers Bilboko blues taldearentzat. Bidaia fisikoa atsegin dute, ez baitira alferrik batetik bestera ezin konta ahala alditan mugitu, bluesman tradizio zaharri jarraituz, errepidea bere egin dute, eta han-hemenka erakutsi odolean borborka duten bluesa. Baina bidaia musikala ere garrantzitsua izan ohi. Eta, akaso, helmuga finkorik ez, baina mugarriak egon ohi dira bidaia horretan, eta ‘Red Hot & Blue’ mugarri izan liteke.
Heldutasunaren mugarria. 2004ean argitaraturiko ‘A Blues Experience. Live From Kafe Antzokia’ izan zen estreinako lana, rocketik bluesara egindako bidaiaren lehen urratsa. Beraien zuzeneko indartsuaren isla den lehen lan hura kaleratu ondoren, Kataluniako Amphora Records zigiluarekin egin zuten bidaiaren hurrengo puska, hura ere errepidearen loturik, From The Road (2007). Eta Gaztelupeko Hotsaken babesera itzulita, orain arteko bidaiaren azken urratsa Red Hot & Blue heldu da. Eta heldutasunez heldu ere. Abesti propioak
sortzerako orduan segurtasun handiagoa dutelako, bluesaren esparrua bere egin eta nortasun propioa itsasten dietelako, estilo desberdinen ñabardurak geroz eta gehiago direlako, haize sekzio indartsu bat gehitu dutelako eta, grabaketaren ardura Kaki Arkarazo estimatuaren eskuetan egon delako. Garate estudioetan (Gipuzkoa) grabatu zituzten 11 abestiak, eta Parisen masterizatu. Blues unibertsoko soinu eta eremu gehienak ageri dira lan berrian: Chicagon eta New Orleansko eskolak, swing, funk eta soul ahaireak, eta baita shuffle texarraren ukitua ere.

2004. urtea zen Travellin’ Brothers bilbotarrak bluesaren lurraldean barneratu zirenean. Aitor (gitarra) eta Eneko Cañibano (baxua) anaiak eta Jon Kareaga lehengusuak (ahotsa), aurreko Taladrina rock proiektuan urrats bat aurrera egiteko erabakia hartu zuten. Horretarako beste hiru lagun bildu ziren taldera, Isi Redondo bateria jotzailea, Ander Unzaga teklatu jotzailea eta Alain David saxo jotzailea, blues hotsen eta estetikaren aurrean agertzen zuten irrika gero eta biziagoari eszenategian leku egiteko asmoarekin, Eric Clapton eta BB King taldeen moldeari jarraiki. Talde osoa prest, jarraitzaile mordoaren babesarekin eta ideiak oso garbi, haren errepertorioa zuzenean jotzeko abenturara abiatu ziren, eurak “lurreko hardblues” gisa bataiatutako hotsa osatuz eta lortuz. Bidaiari nekaezinak izaki, ezin konta ahala ekitalditan jardun izan dute.Penintsulan ez
ezik Frantziako hegoaldean ere, rock & blues gaikako kontzertuetan eta nazioarteko hainbat talderen hasierakoak egiten. Hori bai, orain urte gutxi batzuk Paul Lamb & Kingsnakes taldearekin izandako topagunea guztiz aberasgarria gertatu zitzaion taldeari. Eta ez ditugu ahantzi behar euren herrikideen beroan (gero eta jarraitzaile gehiago biltzen baititu) eta rockari emanago dauden lokaletan, rocka betidanik bizi bizia izan duen barrutian, Nerbioi ibaiaren ezkerraldean, eskainitako emanaldi oparoak.
Taldearen errepertorioak taldeak berak sortutakoak eta Willie Dixonen Hoochie Coochie Man, Buddy Guyen Leave my girl alone eta John Lee Hooker magoaren Boom Boom bezalako gaien bertsio klasikoak nahasten ditu. Taldeak berak egindako ekarpenen artean aipagarria da bere alderdi pertsonalena, gitarren hotsen egokitasuna, ikusleek parte hartze handiagoa izatea lortzen gaitu. Taldeak sortutako pieza berriak, konposaketa egokiro zaindua, haizezko musika tresnen erabilera, baita zuzenekoetan ere, horratx lan honen bermeak. Bertan islatuko da azken lau urteetan 250 kontzertu eskaini eta gero musikak berak eskatzen duenaren arabera hazi den taldearen indarra.

Oraingoan haize sail garrantzitsua osatuta bederatzi musikari izatera heldu den taldea. Ondo mamituta daukaten bluesari swing onena gehituz.

Leioan eta Bilbon ere emango dituzte kontzertuak, kontzertu bakarrak eta galdu ezinekoak bluesa gustuko baduzue.

Utzi erantzuna

Zure helbide elektronikoa ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>